Sancti Spiritus Unibertsitatea
Monumentu-lanak ulertzeko, sustatzaileen eta egileen nortasuna hartu behar da zenbaitetan kontuan. Hori gertatzen da Sancti Spiritus Unibertsitatearen kasuan ere, Rodrigo Mercado de Zuazola apezpiku oņatiarrak pentsatu eta ordaindu zuena. Kultura handiko humanista zen, Cisnerosen laguna, eta legegizonen eta erlijiogizonen ohiko liburuak ezezik, astronomia, mitologia eta kultura klasikokoak ere irakurtzen zituen: Platon, Aristoteles, Erasmo, Ovidio, Zizeron, Plutarko, Horazio...
Sancti Spiritus unibertsitatea
Zuazolak lurralde honetakoek letretarako berezko gaitasuna zutela uste zuenez, unibertsitate erakunde bat eratzea erabaki zuen, Oņatin eta "lurralde euskaldun osoan" letratuak sortzeko. Zeregin hori Carlos I enperadorearen ardurapean ezarri zuen badaezpada ere, eta gogo eta diru guztiaz ekin zion lanari. Unibertsitatea 1542tik 1901era egon zen jardunean, eta Teologia, Kanonak, Legeak eta tarteka, Medikuntza irakasten ziren bertan.
Eraikina honela zegoen osatuta: patio nagusia; kapera, gelak, sukaldea eta jantokia hartzen zituen beheko solairua eta logelak eta areto nagusia hartzen zituen lehen solairua. Fatxada nagusia arreta handiz begiratzeko modukoa da. Portada egin zen lehenbizi, Gil de Hontaņon-en "Dueņas de Salamanca" deritzan komentukoaren antz handia duena, baina konposizioa guztiz soila geratzen zenez, lau pilastra handi gehitu zitzaizkion, Pierres Picart eskultureak apaindutakoak eta Valladolideko Santa Cruz Eskolan inspiratutakoak. Fatxadaren ikonografiak, paganotasuna eta kristautasunaren laburpen gisa ateratzen diren baloreak eta birtuteak ezagutzeko beharra azaltzen dio ikasleari. Oinarrietan, Herculesen lanak; goialdeko gorputzetan zehar hainbat martiri, bertute eta santu daude, horietako batzuek ikastearekin zerikusia dutenak.
Sancti Spiritus unibertsitatea
Eraikinean sartzeko, filosofia neoplatonikoaren eta teologia erudizioaren eredu diren Agustin eta San Jeronimoren artetik igaro behar da, eta baita Zuazola fundatzailearen eta arma inperialen azpitik ere. Armak multzo osoa babesten ari direla ematen du. Eraikinaren buruan gudarien irudiak daude; itxura lerdenagoa emateaz gain, badirudi ikasteko beharra lau haizetara zabaltzen ari direla. Xurrutarriek, tradizio gotikokoak, anitzak eta ederrak izanik, estalki guztia drenatzen dute.
Unibertsitatearen barruan, aipatzekoak dira: klaustroa, paregabea eta orekatua, arkuteria bikoitzekoa; arkuartean historiako eta mitologiako buru-bikoteak irudiztatzen dituzten 32 tondo: Carlos I eta Isabel Portugalekoa, Felipe II eta Maria Portugalekoa, Ulises eta Penelope, Lukrezia eta Kollatino...; Gibaja izeneko Avilako tailagin batek egindako kasetoidura mudejarrak, batik bat lehen solairuko sarbideko eskilarako maisu-lana, eta azkenik, kaperako erretaula, platereskoa, Pierres Picart-ek tailatua. Benera eta gruteskodun ohiko dekorazioaz blai egonik, Jasokundea eta Unibertsitateko eta udalerriko zaindariak ditu gai nagusitzat: Izpiritu Santua eta Mikel Deuna, zertxobait haur itxurakoa, deabru tentatzailea alboan dela.
